XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

egunak aurrez neurtzen nituen, eta kirolari batek frogarako egiten duen bezala, egiten nuen nik prestaketa, emakume harengandik urrunduta egonda ere airoso itzultzeko.

Berari ezer esan gabe, eta gure elkarbizitza ez nahastearren, bazterrean laga nituen neure-neureak nituen zenbait gauza eta ohitura.

Horietako batzuk handiak eta maiteak ziren niretzat, esate baterako, arrantzurako zaletasuna.

Ritarekin bizitzen jarri nintzenetik, ez dut kainaberarik esku artean berriz eduki.

Lupiak eta urreburuak lasai asko dabiltza ni gabe.

Astean behin edo birritan joaten nintzen lehen, hutsik egiteke, arroka bakartiren batera, edo murru zaharren batera eta hantxe garbitzen nuen burua, kainaberaren harian baino, beste ezertan pentsatu gabe.

Bazterrean utzitako beste gauzetako batzuk, txikiagoak diruditen arren, ez dira garrantzi gutxiagokoak.

Etxe barruko ohiturak izaten dira horiek, ohea horrela edo bestera egiteko gutizia, noren arropak non gordetzeko lekua, liburutegiaren ordenamendua eta, batez ere, komuneko kontuak.

Bat bada horien guztien artean biziki garrantzizkoa eta gaurdaino inongo gizasemeri aitortzen entzun ez diodana: Ritarekin bizi naizenetik, zutik egin ordez, komunean eserita egiten dut nik txiza.

Emakumeen antzera jarrita, gizonezkook daukagun abantailari eta erosotasunari egin diot nik uko horrela, elkarbizitzaren izenean.

Ez dut sekula zipriztintzen bazterrik eta hori gutxi bailitzan, lehortu egiten dut paperez zakilburua.

Baliteke, emakumeen eran jarrita, beste gizonezko guztiek makurtuegi ikustea euren burua, baina hori eta gehiago merezi zuela Ritak erabaki nuen eta ez dit horrek kolokan jarri nire gizatasunik.

Aitzitik, orain naizen gizon berriaren berezitasun baizik ez dira bilakatu halako gauza txiki eta handi guztiak.

Hemen ere, orain nagoen ziega estu honetan etxean bezala jokatzen dut, Ritarenganako ohiturak zaintze aldera.

Zorionekoa nintzen, beraz, azkenean.

Hainbeste kostatu eta gero, sari guztiak neuzkan nirekin: lana, dirua, osasuna, ospea, eta azkenez, bere altzoan hartzen ninduen bakoitzean, munduan diren izate guztiekin eta, batez ere, neure buru terral honekin adiskidetzen ninduen emakumea.